XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); berriro diot: nik dakidala... baina badaiteke oker egotea.

Nolanahi ere, lastima, gure yellow submarinea berriro itsasperatu da; ez ahal da desesperatuko behinik-behin.

Zorte on, Harrestein opatu diot kapitain sinpatikoari, neure artean; sinpatikoa, bai, zeren alemana izateak ez bait du derrigorrez nazia denik esan nahi: hura ere soldaduzka egitera bortxatua izaki, aizu, beste hainbat eta hainbat bezala..., zorte on; gure gaztelu-inguruko itsaspeak ikertzen jarraitu beharko duzu puska batean; kontuz ibili mina-barrutiekin, edo barrutiko minekin, gura dozun lez; amaituko da halako batean ditxosozko gerla hau ere, eta orduan denok joango gaituk nahi duan tokira sekulako juerga botatzera (nora diok, Harrestein?, Hanburgoko Sankt Paulis auzora?, ai ene, alproja, halako alproja hori...), agur, bur(u)kide.

Beraz, ez nago dagoeneko bakarrik, aizu.

Zuk eman didazun aholkuari esker.

Baina, hala ere, ez dakit arma-patio honetan gertatzen ari diren xelebrekerien berri zehatz eta zintzo eman ahal izango ote dizudan.

Hemen gaude, nire gizakiak eta biok.

Konpromisu makala ez didazu, gero, leporatu.

Zuk ez bait gaituzu zuzenean ikusten.

Zu nire hitz soilaz fidatu behar bait zara.

Eta, zalantza baino areago, ia segurantzia osoa bait dut nire ihardun zizakari eta eldarniotsu hau aski izango ez dela, honako hau xarma-patio bihur dakigun...

Saia nadila diozu?

Bai, saiatu beharko.

Behin honetaraz gero, ezin utziko zaitut, horraatik, jakinminez eta, hala, zoaz esanaz, neure gaztelutik uxatu.

Kontatu behar dizut, beraz.

Eta kontatu nahi dizut.

Biak: behar eta nahi, nahi eta behar.

Zure presentzia, estimatzekoa ez-ezik, hain bait zait ezinbestekoa...

Pozik dabil hemen jendea, aizu.

Lastima da kapitaina bera gelditu ezin izana, baina haren submarinotik lehorrera salto egin duten polizonte guztiak berehalaxe oldartu dira otarteko, edari eta musika-tresnen gainera.